Atzo ospatu genuen berde-berdearen urteroko festa. Urte honetan, ekitaldia lekuz aldatu, eta Axular Lizeoan bildu ginen DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak, irakasleak, eta ingurumen elkarteetako eta Ekoguneko ordezkariak.
Aurreko ikasturteko parte-hartze datuak berrikusi genituen: 4.500 ikasle, 212 gela, 150 irakasle eta 250.965 puntu.
Duela gutxi zendu zen Wangari Maathai gogoratu genuen, azken urteetan, berak sortutako mugimenduarentzat diru-laguntzak lortu dituzte Berde-berdeako ikasleak, Kutxaren bitartez.
2011-12rako berrikuntzak aurkeztu genituen. Tankera ona hartu zioten gai berriari, Hizkuntza Ekologia, eta baita ezberdintasunak aurkitzeko joko berriari ere (laster web-gunean).
Ekitaldia amaitzeko, ikasleek galdera mordo bat egin zizkieten bertan bildu ziren elkarteetako ordezkariei: Arrano Etxea, Surfrider eta EIBE. Horrela, burutzen duten lanaren nondik-norakoak ezagutu zituzten. Eta ondoren, aurreko ikasturtean berde-berdeako partaideek ingurumen elkarteentzat lorturiko diru-laguntzak, 10.000 € guztira, banatu zituen Kutxa Ekoguneak.








